jueves, 21 de febrero de 2013

Defenda dezagun lantegiko Batzarra erabakiak hartzeko toki bezala






Azken negoziazioaren amaieran, txandako langileen artean sinadura bilketa bat egin zen lantegiko batzarretan bozkatzeko modua aldatzeko helburuarekin. 150 sinadura biltzen dituen testua, CCOOen ordezkarien bidez Batzordeko idazkariari aurkeztu zaio, eta bi arrazoi aipatzen ditu nagusiki: atsedenaldian dagoen langileriak pairatzen duen diskriminazioa, bere denbora librean joan behar baitu batzarrera bozkatzera; eta zalantzan jartzen du oraingo sistemaren baliagarritasuna, gerta daitezkeen iruzurren aurrean. Irtenbidea, egileen arabera, erabaki garrantzitsuetarako erreferenduma erabiltzea da, greben edo hitzarmenen sinaduren kasuetan, esaterako.

CCOO eta UGTk eskatuta, gai hori atzoko Batzordearen bileran jorratu genuen. Horregatik argi eta garbi utzi nahi dugu zergatik ez gauden ados ekimen horrekin, eta horretarako atzera begiratzea ezinbestekoa dela uste dugu. Geure gertuko ingurunean oso enpresa gutxi geratzen dira batzarra erabakiak hartzeko tokitzat mantentzen dutenak. Sindikatu handien goi-karguek kontrolatzeko duten zailtasunagatik gertatzen da hori, eta aurreko mende bukaeratik desaktibatzeaz arduratu dira aipatutako metodoaren bidez gehiengo nahikoa izan duten lantegietan; batzarreko botoak erreferendumarekin ordezkatzeak erabakiak hartzeko modu bezala, ezinbestez, batzarren desagerpena dakar (ikus negoziazioari buruzko buletinaren azkenparrafoak).

Testuan azaltzen diren arrazoien artean, erreferenduma demokratikoagoa dela esaten da, baina geure atal sindikalarentzat, batzarretan erabakiak hartu eta eztabaidatzeko orduan parte-hartze aktiboa sustatzea da demokratikoena. Sinadura horien eskaerak zerbitzu bat ematen du demokrazia parte-hartzailea beharrean. Garrantzitsuena batzarraren parte izatea baita, momentuan erabakitzeko ahalmena mantentzea eta berau egiten den orduan lanean ez dagoen jendearen presentzia sustatzea. Zentzu horretan guztiz ados gaude batzarrak atsedenaldiko txanden artean oreka bilatuz egitearekin, greben kasuetan erabilitako antzerako irizpideekin. Gerta litezkeen iruzurrak saihestu behar direla deritzogu baita, horrelakorik gertatzen bada behintzat. 

Ez dugu ulertzen zergatik aipatutako sindikatuek erabakiak hartzeko beraien afiliatuen arteko batzarrak erabiltzen dituzten baina gero ez duten nahi lantegiko batzarrak funtzionatzerik. Bururatzen zaigun arrazoi bakarra da, eztabaiden bidez beste ikus puntu batzuk hautematen direla, galaraziz jorratzen diren gaiei buruzko iritzi eta bertsioak isolatzea. Gainera afiliatuak ez diren pertsonen ordezkaritza dago, babesik gabe gera daitezkeenak, eta sindikatua bera baino handiagoa den taldeko partaide izatearen sentimendua sustatzea, proposatzen duten sistemaren bidez ahuldu egiten dena. Baina bozketa sistema mantentzearen ideia indartzen diguna da, ez dugula ezagutzen sinatzaileek proposatzen dutena erabiltzen duen enpresarik. Repsol taldean adibidez, orain dela gutxi arte gehiengoa izan dutena, hitzarmenak eztabaidarik eta batera-jartzerik gabe onartzen dira, eta ez dugu horra iritsi nahi. 

Ziurtasun osoa daukagu Batzarrari esker hobekuntza asko lortu eta mantentzen ditugula enpresarekiko lan harremanetan. Badakigu gainera, Enpresaren zuzendaritzarentzat geure Batzarra bere nahien arabera erabili ezin duen mendi malkartsua dela. Horregatik ez dugu onartuko funtsezko balio hori ahultzea, indartu eta elkartzen gaituena, lan eta eskubide sozialak atzeraka doazen agertoki honetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario